Mitologia Ataunen

“Izena don guztie omen da...” edo ”Direnik ez da sinistu behar; ez direnik ez da esan behar” moduko esaera tradizionalek ataundarrek mitologian duten sinismena azaleratzen dute, Ataunen pisu handia duen gaia baita mitologia.

Herria aspaldidanik egon da murgildua nekazal eta abeltzain munduan eta, beraz, naturaren esanetara. Honela bada, prozesu naturalei zein arriskuei aurre egiteko edo beraietatik babesteko, kondairak ingurunea ulertzeko tresna izan dira beti; beste azalpenik ezean, herritarrek euren buruak lasaitzeko edo ernetzeko erabiliak.

Eta honetarako herriak ingurune paregabea eskaintzen du bere mendi, koba, trikuharri eta abarrez josirik. Ahozko tradizioaren parte izanik, batzuetan kondairak bere horretan mantendu dira urteetan zehar; beste batzuetan aldiz, ahoz aho ibiltzean izen desberdinak hartuz, kokalekuak aldatuz,... aldaketa asko jasan dituzte. Kondairak unibertsalak eta aldi berean lokalak dira beraz. Eta egungo teknologia berrien eta industrializazioaren itzalean, auzo-lanean nahiz taldean kontu-kontari aritzeko ohiturak agortzean, soka hau leku gehienetan ia eten egin da.

Ataunen ordea, Joxemiel Barandiaranek egin zuen nahikoa lan hau gerta ez zedin. Ahozko tradizioa paperean bilduz utzi zion herriari altxorra, betiko sinismena manten zedin. Honi esker ezagutzen dira Ataunen hainbat eta hainbat txoko zein istorio mitologiko, herritarren artean urtero San Martin jaietan Jentilen Etorrera ospatuz ezagutarazten direnak.

Jentilen etorrera

Joxe Miel Barandiaran

Joxe Miel Barandiaran

“Joxemiel Barandiaranek jaso zuen mundu magikoa, ataundarrek antzeztua”.

Horixe da Jentilen etorrera, sortzaileetako batek dioen moduan. 1981ean San Martin auzoko festetara jendea erakarri nahian sortu zen proiektu hau, jentilak protagonistatzat hartuta. Izan ere, ataundarrei, eta batez ere Aiako auzokideei “jentil” deitu izan baitzaie maiz, bestela ere herria jentilen istorioz josita dagoelarik. Ez dira ordea jentilak protagonista bakarrak: basajaunak, SanMartintxiki, sorginak, lamiak,...

Jentilen etorrera

Jentilen etorrera

Urtez urte Ataungo ingurumarietan kokatzen den kondaira desberdin bat kontatzen da protagonista desberdinak ezagutaraziz, eta herria mitologiaren munduan murgilduz. Hala nola, besteak beste azken jentilarena, agerre baserriko urrezko izararena, Muskiko Tortoren kondaira, gariaren sekretua, Arbeldiko neska Agamundako leizean erori zenekoa eta abar luze bat kontatu dira. Azaroko San Martin Jaietako (azaroak 11) igandean, arratsaldeko 18etan, mendian suak pizten direnean, herriko argiak itzaltzen dira eta lehena eta oraina elkartuz ikuskizuna hasten da. Heldu dira jentilak herrira. Herritarren izenean San Martingo plazatik ateratzen dira alkate, apaiza, aguazil eta guzti aurretik pregoilaria dutela, Jentilbaratzatik datozen jentil, sorgin eta bestelako pertsonaiekin Iztatorren elkartu eta Auzoeta kiroldegian ikuskizuna antzeztuz.



Joxe Miel Barandiaran Mitologia Museoa

Telefonoa: 943 18 03 35
Ordutegia: Urriatik ekainera (biak barne)
· Asteartetik Ostiralera: 10:00h. -14:00h.
· Larunbatetan: 10:00h.-14:00h. | 16:00h.-18:00h.
· Igande eta jai egunetan: 10:00h.-14:00h.
Ordutegia: Uztailetik irailera (biak barne)
· Asteartetik Ostiralera: 10:00h. -14:00h. | 16:00h.-18:00h.
· Larunbatetan: 10:00h.-14:00h. | 16:00h.-18:00h.
· Igande eta jai egunetan: 10:00h.-14:00h.
 

Barandiaran Mitologia Museoa

Ondare inmateriala (hizkuntza, ahozko tradizioak eta sinesmenak) lantzen duen museo bakanetakoa dugu Ataunen.

Joxemiel Barandiaran ataundarraren lanei esker bildutako altxorra jendeari ezagutarazteko gunea. Eta hauxe da museo zatikatu honen helburua: Ataungo herri bidea ardatz moduan hartuta, gune desberdinetan Joxemielen bizia, lanak eta bildutako istorioak modu erakargarrian azaltzea.

Honela bada, Sara etxea etxe-museo bilakatuko da. Larruntza multzo hidraulikoa interpretazio zentroa izango da Joxemielen bizitza eta lan eta ikerketak azalduz. Lurpeko kobazuloan mitologiaren munduan barneratuko gara.