Mitologia Ataunen atalera itzuli


Eguzkilore

Mitologia guneak eta kondairak

5. Arratiñeako Jabier

Jabier Arratiñeakoa, mutil gazte harroa, Urretsura gau batean beilara joan omen zen. Garai hartan, inguruko neska gazte guztiak Urretsun elkartu ohi ziren ardatzera.

Elkarren artean ondo pasa ondoren, Jabierrek, bere burua apaiztzat jarri eta, gaztaina egosi bana eman omen zien neskei, jaun-hartze moduan.

Beranduago, etxera zihoala esaten hasi omen zen, eta neskek ez omen zioten utzi nahi joaten, bekatu handia eginda zegoela eta zerbait gertatuko ote zitzaion beldurrez. Jabier ordea, mutiko harroa izaki, abiatu egin omen zen.

Tellerietxe aldera zetorrela, zezengorriak ikusi omen zituen Laioako basotik beregana zuzenduz. Beldurrez, mutilak lasterrari eman omen zion, Tellerietxeko atea joz. Han txakur bat eskatu omen zuen, eta talo batekin txakurra tentatuz abiatu zen bere bidean. Orduan suzko zezengorri bat agertu omen zitzaion, berriro ere Laioatik beregana zetorrela. Hark, ordea, ez omen zuen izutzen, txakurra alboan zuen bitartean.

Lauztiazpikoa aldean Arratiñea alderako bidegurutzea hartzen deneko puntura iritsi zenerako taloa amaitu egin zitzaion, eta txakurrak Tellerietxe aldera buelta hartu omen zuen. Orduan, berriro zezengorriak agertu omen zitzaizkion. Jabier, berebiziko lasterrari eman eta, estu eta larri sartu omen zen Arratiñea baserrian.

Gau hartan Arratiñea baserriko behiek ez omen zuten onik izan. Han izan omen ziren orro, adar eta ganbela-hotsak.

Ibilbidera joan

* Kondaira hau Barandiaran Ibilbide Mitologikoan entzun daiteke