Mitologia Ataunen atalera itzuli


Eguzkilore

Mitologia guneak eta kondairak

10. Jentil harroaren arazoak

Behin batean Jentilbaratzan jentil indartsu bat bizi omen zen: beste jentil guztiak mendean omen zituen.

Bere denbora Jentilbaratzatik Leizadira eta Leizaditik Jentilbaratzara bueltaka pasatzen omen zuen. Halako batean, kristauen artera joatea erabaki omen zuen, han berarekin borroka egiteko gizonik ba ote zen.

Joan omen zen Lazkao aldera, eta bidean hamalau urteko mutiko bat bilatu omen zuen. Hura gizona al zen galdetu omen zion. “Oraindik ez naiz ni gizona, gaztetxoa naiz bada ” erantzun omen zion mutikoak.

Lazkaotik behera Senpere aldera zihoala gizon zahar bat aurkitu omen zuen, eta honi ere galdetzen omen dio ea gizona al zen. Bera adinean aurrera eginda, baina Beasaingo olan bilatuko zituela behar bezalako gizonak, erantzun omen zion.

Baita joan ere jentil hura zuzenean Beasaingo olara, han gizonik ba ote zen galdezka. Kristau errementari bat atera omen zitzaion. Jentilak esan omen zion orduan: “Niri atzaparrik bueltatuko didan gizonik bada, atera dadila”.

Errementari hark baietz esan omen zion, “nik bi behatzekin heldu bitartean itxaron”. Hala, sutan guritutako tenazekin sudurretik heldu jentilari eta sudurra moztu omen zion.

Jentila garrasika Jentilbaratzara itzuli omen zen. Bere lagunek “Zer egin dizute?” galdetu omen zioten. “Kristauek arte gaiztoak dituzte ” erantzun omen zien. Eta ordutik jentilek kristauei beldurra hartu omen zien.

Ibilbidera joan

* Kondaira hau Jentilbaratza Ibilbide Mitologikoan entzun daiteke