Ondare historikoa

Historiaren aldetik, garrantzi handiko herria izan da Ataun, Nafarroarekin muga egiteak zekarren kokapen estrategikoa dela eta. Egun bigarren mailako igarobide den arren, garai batean Nafarroatik Kostara zihoan bidea bertatik igarotzen zen.

Garrantzi honen lekuko zen aurreko garaietako biztanleria, egungoa baino nabarmen handiagoa zena. Iraganeko garrantzi honen aztarnak  egundaino iritsi dira, zutik baitiraute Zubikoeta (XVII) eta Zelaibar jauregiek (XVI), Toursko San Martin elizak, San Gregorio Magnoren eliza (XIX) eta Santixabel eliza (XX), Udaletxeko eraikina (XVII),... Hauen barnean ere bada altxorrik, hala nola San Martingo elizako barroko iberiarreko organoa, Gipuzkoan diren 7-en artean garrantzitsuenetakoa dena, eta Errenazimentuko erretaula.

Denboran atzerago eginez, lehen gizakiek utzitako trikuharriak (Aralar eta Ataun-Burunda estazio megalitikoak) eta Pikandieta edo Limurita bezalako kobetako aztarnak, erromatar garaiko Berrenoako galtzada bide zaharraren aztarna,... Joxemiel Barandiaran ataundarrak landutako hainbat eta hainbat gune ere badira ikusgai.

Tradizioari jarraikiz, artzainen saroiak, Ataunen hain garrantzitsu izan den kablea eta bere funtzionamendua eta karobizuloak ere gorde dira atzoko bizimodua ulertzen lagun gaitzaten. Eta, nola ez, Joxemielek bere lanetan bildutako altxorra, ataundarrok harrotzen gaituena, eta Barandiaran museoan ikusgai dagoena: mitologiaren mundua.


Kokapena
Toursko San Martin Eliza.
Harremanetarako
Tel.: 943 18 00 11
E-posta: kultura@ataun.net

Ataungo organoa


Trikuharri eta kobak

Beste irudiak

  • Aitxuko zista
  • Berrenoako trikuharria
  • Intsusburuko trikuharria
  • Sarastarriko koba
  • Sukaldezarreko kobako lehioa
  • Malkorburuko leizea

Historiaurreko aztarnaz beterik dago Ataun, duela milaka urteko gizakiek utzitako tresna eta beste aztarnaz jositako hamaika koba eta trikuharri daudelako. Aralarko eta Ataun-Burundako estazio megalitikoek Arantzazumendi, Lizarrusti/Aietsu eta Ubegiko mendialdeak trikuharriz trikuharri igarotzeko aukera eskaintzen dute, Urrezuloko armurea, Praalata, Larreluze, Intsusburu, eta beste hainbat jentiletxe ikusiz, eta lehenengo nekazari eta artzainen ingurunea ezagutuz.

Baina bada aztarna zaharragorik Ataunen, bertan kokatzen baitira Aralarko giza aztarna zaharrenak, Usategiko kobazuloan hain zuzen. Lehen aztarna hauek duela 27000 urtekoak dira eta garai honetatik aurrera Pikandieta, Kobazar eta Armontaitz bezalako hainbat kobazulotan aurkitu dira giza-aztarnak. Dena den, Troskaetako koba da Ataunen entzute gehien duena, kilometro luzeko garapenak eta bertan aurkitutako Ursus Spelaeus hartzen hezurdurak garrantzi handia eman baitie. Kobazulo, leize eta trikuharriz betetako ingurunea dugu, beraz, Ataun, historiaurreko gizakiaren usaina dariona.


Berrenoako galtzada

Beste irudiak

  • Berrenoako galtzada
  • Berrenoako galtzada

Egun Ataundik igarotzen den errepidea berandukoa da, XIX. mendekoa hain zuzen ere, aurreko bidearen garrantziaren itzalik ere ez duelarik. Izan ere, egungo errepide-sarea sortu aurretik, eta bi lurraldeen igarobidearen lekuko, Ataunek “ate” izaera oso barneratuta izan du betidanik.

Garai bateko bidea, Gipuzkoa Nafarroarekin lotzen zuena, Berrenoako mendi portutik igarotzen zen, Atxurrenea-Ergoiena-San Gregorio-Arrondo-Astigarraga-San Martin bidea eginez, Igartzan elkartzen zelarik Gipuzkoako errepide-sare zaharrarekin.

Gurdi eta perra-bidea zen, mando eta zaldiz egiten baitzen garraioa. Bide honek utzi du arrastorik, galtzadaren lekuko, oraindik Berrenoa inguruan bistaratzen baita erdi aroan egindako harrizko bidea.


Artzainen saroiak

Beste irudiak

  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak
  • Artzainen saroiak

Artaldeak biltzeko eta gauez babesteko tokiak dira saroiak. Bertan izaten dira txabolak, artzainen bizi-toki, udaz mendi-larreetara igotzen direnerako.

Toki babesean egon ohi dira saroiak, haizerik indartsuenetatik gordetzeko eran, sakonuneren batean, harkaitzen baten ondoan. Saroi bakoitzak, txabola bat edo gehiago izan ohi ditu bere muga barruan, artzainen bizitegi; baita beste gauza gehiago ere: arditegiak, baratzak, eskorta edo ardiak jezteko tokia, e.a. Euskalerrian zehar askotariko artzainen saroiak garatu dira; guri Ataun eta Aralar aldekoak interesatzen zaizkigu. Inguru hauetan, egun teilaz estalia dute gaina, baina garai batean hori debekatua zutenez, zotalezkoa zuten, isuri bikoa eta aldapa handirik gabea. Gailurraren azpian dute sarrerako atea, eta leihorik ez. Txabolak hiru zati izan ohi ditu: sartu eta lehen zatia “estalpea”, sukalde funtzioa du, eta gaztagintzako tresnak ere gordetzen dituena. Ondoren lo-gela izan ohi dute, txilarrez egin ohi zelarik ohea. Azkenik, gaztandegia, oholez edo oihalez estalia. Harrizko hormak dituzte, eta zola edo hondoa oinpean tinkatutako lurra besterik ez da askotan; batzutan harlosak edo oholtza izan dezakete. Txabolaz gain, izaten dute ere eskorta edo jeztoki deritzon itxidura harrizkoa, artaldea gauez bertan zaintzeko eta jezteko ere balio duena.

Garai bateko saroien arrastorik bada oraindik Ataunen. Agautz aldera inguratuz gero, bertan dira txabola eta eskorta bat baino gehiago inguru paregabean.


Kablea

Beste irudiak

  • Kablea
  • Kablea
  • Kablea
  • Kablea
  • Kablea
  • Kablea
  • Kablea
  • Kablea
  • Kablea

Herri gutxitan garatu zen, orografiari loturiko sistema baita. Ataunen, berriz, indar eta estimazio handiko aurrerapena izan zen. Gaur egun belarretarako erabiltzen da. 1996an egindako ikerketa lanean, 197 kable zerrendatu ziren; hauetatik, gaur, 32 daude zutik eta 17 besterik ez dira erabiltzen. Izan ere, 1950. hamarkadan traktore moduko sistemak hedatu ziren baserritarren artean, eta industrializazioarekin batera pinua sartzean, kablearen erabilera gutxitzen joan zen.

Baserriko lana errazteko sortu zen garraio-sistema da kablea. Ataungo herria, Agauntza ibaiak eta bere ibaiadarrek hustu duten haran estu batean dago; oso distantzia laburrean malda handiak daude. Herriaren kokapen malkartsu hau dela eta, baserri gehienak mendi-hegaletan kokatzen dira, auzuneak osatuz, eta belarra, orbela eta abar mendi gainetatik jaitsi behar izaten zuten, nola edo hala. Garai batean, zalditeriaren edo baserritarren bizkarrean ahal moduan jaisten zuten beharrezko lehengaia goietatik, ez baitzegoen artean gurdibiderik. Horrela izan zen XX. mende hasiera arte, 1920. hamarkada inguruan hasi baitziren ataundarrak kablea erabiltzen, baserriko lana erraztu asmoz. Ondo uztartu zen kablea ataundarren bizian, nekazal produktuen garraio-sistema nagusia izatera iritsi arte, bertako aldapa handiak aprobetxatuz. Horrenbestekoa izan zen kablearen arrakasta, kablelari ofizioa ere sortu zela.


Karobiak

Beste irudiak

  • Egitxikiko karobizuloa
  • Olaluzeagako karobizuloa
  • Olaluzeaga karobizuloaren goikozuloa

Karea egitearena 5 mendetan zehar Ataunen eman zen langintza da. Karea ezinbesteko gaia zen garai haietan biziraupenerako: hargintzan, igeltseritzan eta nekazaritzan beharrezkoa. Harria eta erregaia ziren beharrezko materialak karea egiteko, Ataundik bertatik atera gabe burutu zezaketelarik lan osoa [2].

Karea, kareharria zulo batean egosiz sortzen den ongarri edo eraikuntzarako elementu baliotsua da. Ataunen 3 karobi-mota izan ziren: lur-zuloak, arraukak eta labeak.

Lur-zuloak izan ziren karea egiteko lehen sistema; ez da egunera hauetakorik iritsi. Sistema zahar eta neketsuena izan arren, hauxe zen kare garbiena ematen zuena. Harria (kareharria) eta erregaia (otea, txilarra, egur adaskak,...) non, han egiten zen lur-zuloa, 5-6 metroko diametroa eta metro bateko sakonerakoa izan ohi zelarik. Hondoan erregaia jartzen zen, eta ondoren, txondorretan bezala, ataka edo su-ahoa eta tximinia eraikitzen zitzaizkion gainontzekoa estaliz. Pazientziaz, apurka-apurka suari betegarria emanez eustean zetzan kare onaren sekretua.

Ondoren, arraokak garatu ziren, beste lekuetan karobi edo karobi-zulo izenez ezagunagoak. Hauek aurrerapen nabaria izan ziren, ez baitzegoen sua mantentzen egon beharrik, eta gainera etxe ondoan kokatzen zirelako. Hala ere, auzolanean egiten jarraitzen zen, harria eta su-egurra karobi ondora garraiatu beharrak neketsu izaten jarraitzen baitzuen. Teknika honen sekretua harria eta egurra bakarrik arazo gabe erretzeko moduan egokitzea zen. Aurrerapenak aurrerapen, ez zen, ordea, lur-zuloetan lortzen zena bezain kare garbia lortzen. Amundarain baserri ondoan kokatzen da gelditzen den arraoken arrasto bakanetakoa.

Azkenik labeak sortu ziren, hauetan kare ekoizpen jarraia lor zitekeelarik (gau eta egunekoa). Hauetakoak dira egun Ataunen dauden karobiak. Bi sarrera-gune zituzten: alde batetik, su-ataka, karobiari su eman eta martxan jartzeko; bestetik kargatzeko ataka, harria eta erregaia gehitzeko, beharren arabera. Egun 5 karobizulo daude zutik [1]: Sukia, Urrestarazu-Garakoa, Baztarrika-Garakoa, Olaluzeaga eta Lizarrustiko Errazti borda; Olaluzeagako karobizuloa denentzat ikusgai dago.


Eraikin interesgarriak

Igo

Zubikoeta jauregia (XVII)

Zubikoetako Gabriel Kapitainak egindako jauregia. Lau isuriko teilatua eta lau aldeak agerian dituen planta laukiluzeko eraikuntza. Teilatua, eraikuntzaren aurrealdean garaiagoak diren bi dorre karratuek ebakitzen dute. Harrizko horma entokatu eta margotuak. Aurreko aldearen erdian, armarria. Estalkian, ganbaratik nabari daitekeen zurezko egitura dago.

Igo

Toursko San Martin Eliza (XVI-XVII)

Aitzinako eliza zaharra (XIII) zegoen eremuan eraikia. Aldare nagusia ez dago sortalderantz, ohitura den bezala, sartalderantz baizik, garai desberdinetan izan dituen eraikuntza eta aldaketa desberdinengatik. Aurrealdea XVI. mendean eraiki zen, oholez estaliriko zurezko habe eta zutoinen itxitura duelarik. XVIII. mendean, hau bota eta bigarren atala eraiki zuten. Hain zuzen ere, 1730ean Arabiako Domingo Bernardo arkitekto maisuak dorrea eraiki zuen eta 1750-52 bitartean Francisco Auzmendik korua egin zuen, Ignacio Iberoren planoak jarraituz. Aurreko aldea berriz, 1833koa da. XVI. mendean Lazkaoko etxeak jabetu nahi izan zuen, baina auzotarrek auzitara jo zuten, eta 1581 urtean egin zen auzian arrazoia herriari eman zitzaion. Bere aurrealdean armarri bat du: gaztelu bat, gudari bat erdian duela, Ataungo antzinako gazteluaren lekuko bezala beharbada.

Bere aterpean egin ohi ziren garai baten auzotarren batzarrak, 1658an Udaletxea edo Kontsejuetxea sortu zen arte. 1808. urterarte bertan hilobiratzen zituzten hildakoak, aipatu urtean elizetan hilobiratzea galarazten zuen legea atera zen arte.

Igo

Jentilbaratza

Aizkoate mendilerroko lehenengo gainean kokatzen dira garai batean gaztelu izandakoaren aztarnak, harrobiaren gainean, 480 m-ko altitudean. XI. mendetik XIV.era bitartean interes handiko lekua izan zen, Erdi-Aroa pasabide garrantzitsua bihurtu zelarik, Nafarroa eta Gaztela arteko gatazkan. Erresumen arteko mugak sortzen direnerako bazegoen gotorleku bat, seguruenik artzaintzari lotuta, eta baliteke hemendik etortzea garai bateko “jentilen” bizileku izan zenaren sinismena. Jentilak, arraza bortitz eta basatiak omen ziren, Kristau bihurtu nahi izan ez zutenak, baina beheran bizi ziren herritarrekin harreman asko izan zutenak.

Athagun edo Athaviteko gaztelua, 1200. urtean Alfonso VIII Gaztelako Erregeak nafarrengandik lortu omen zuen, nahiz eta 1261ean berriro ere Nafarren esku geratu. 1279an Gipuzkoarrek inguratua izan zen, nahiz eta nafarren laguntza heltzean hauek alde egin behar izan zuten. 1294ko ikuskatze baten bidez badakigu garai honetan gaztelua erreta zegoela, hein handian egurrezko eraikuntza izanaren seinale, baina berriro eraikia izan zen. 1335ean berriz setiaturik eduki zuten gaztelua Gipuzkoarrek bi hilabetez. 1378an, Nafarroako erregearen aginduz, eta Gaztelaren aurkako gerra izan ondoren, Ataungo gaztelua erauzi zuten balio ez zuelakoan. Harrezkero ez daukagu inolako berririk eta gotorlekuaren kokalekua Jentilbaratza izenarekin iritsi zaigu, jentilei buruzko kondairaz josita.

Joxemiel Barandiaran Jentilbaratzan hasi zen bere lehenengo ikerketak egiten. 1916ean aurkitu zituen ontzien zatiak, hiltzeak eta herdoildutako burdin puskak, ezpataren zatiak, hiru lantza punta eta XII. mendeko bi txanpon. Handik menperatuko zuten garai batean pasabidetik igaro nahi zuten jendea, hondakinak guda eta borroka usaina baitario. 1928an urrezko eraztun erromatarra aurkitu zuten bi baso-langilek gazteluaren amildegiaren behealdean, oinarri gainean arrano bat grabaturik duena, ziurrenik gazteluan erabilia eta handik eroria. Tontorraren gainean paretaren zati eder batek oraindik zutik dirau, mendebaldeko harresiarenak hain zuzen ere, eta ura gordetzeko harkaitzean egindako zulo eder bat ere oso ondo gordetzen da oraindik (2,5 x 4 m-ko patina). Aldamenean, beheraxeago, koba zulo bat ere aurkitzen da haitzaren hegoaldeko amildegian, Barandiaranen arabera ekialdeko amildegira leiho moduko bat zabaltzen zaiolarik. Badirudi leizeak gazteluarekin lotura zuela, haitzean mailak landu baitzituzten hara jaisteko.

Igo

Galbario Saindua (XVII)

Astigarragako auzoan dago. Parrokian, erretore ekintzaile izan zen Telleriako Pedro Ortiz-ek sortu zuen. 1619ko agiri batetan hau irakurtzen da: "Kalbario Mendi zeritzan eliza bat egiteko baimena..." eskatu zuela eta bere 1632ko testamentuan hau esaten du:"... baita ere, kalbario Mendian, nere arimaren onerako bi meza agintzen dut... izan ere neronek eraiki arazi bait nuen Gurutzepekoen Kofradiarentzat".

Igo

Astigarragako zubia

Migel Imaz Apalategi kontratista entzutetsuak zubi honen eraikuntzan parte hartu zuen. 1921ean amaitu zen eraikuntza-lana, egitura dotoreko zubia utziz: alde banatan hormigoizko bi bola (egun alde batean bat falta), eta erdiko euskarriaren gainean animali zangoak eta gizaki baten aurpegiaren irudia (1953ko uholdeek eraman zuten atzamar bat). Migel Imaz Apalategiren lan garrantzitsuenen artean, Maria Cristina Hotela, Victoria Eugenia Antzokia eta Gran Kursaal kasinoa daude, besteak beste.

Igo

Perunezar baserria

Joxemiel Barandiaranen jaiotetxea. J. Barandiaran 1889ko abenduaren 31n jaio zen.

Igo

Sara (XX)

Joxemiel Barandiaran bizi izan zen etxea. Joxemielek, Iparraldean erbesteraturik eman zituen (1936-1953) 17 urte, azken 13ak Sara herriko Bidartea etxean. Ataunera itzuli baino lehen Sara etxea eraiki zuen (1952) Bidartea etxearen itxura berarekin. Bertan bizi izan zen hil zen arte (1991).

Igo

Zelaibar Jauregia (XVI)

Lazkaoko Jaunaren dorretxeetako bat. Lau isuriko teilatua eta lau aldeak agerian dituen eraikuntza. Harrizko hormak eta harlanduzko eskantzuak katea moduan ezarririk daude. Lehio eta ateak oso txikiak dira, dintelduak eta arku itxurarekin. Fatxada bateko sarrera arku zorrotz baten bidez egiten da, erdi-puntuko arkuaren bidez, bestean. Biak sarrera dobelatuak dira.

Igo

San Gregorio Magnoren eliza (XVI)

Haitz tontor batetan dago kokatua. Arrate mendi-bidearen sartaldean. Antzina hemendik zihoan Nafarroarako galtzada, gero Berrenoako lepotik zehar jarraituko zuena. Hasiera batean ermita zen. 1535eko agirietan bi aipatzen dira "…ermytas de San Gregorio e San Sebastian...". Berreraiketak izan ditu, baina nagusiena eta gaur duen gorputza izatera 1893an egindako eraberritzearen ondorioa da.

Lazkaoko jaunaren jabetza zen erdi aroko gotorleku baten gainean eginiko tenplua. Gurutze planta du, jatorrian ermita zen(1535. urteko dokumentu batean aipatu zen lehenengoz. 1794.ean parrokia bihurtu eta eliza berri bat eraiki behar zela erabaki zen, eraberritu eta zabaldu zelarik), ondoren gorputz berriak eratxiki zitzaizkion. Landu gabeko harriz eginiko hormak ditu, eta barruan kontrahormak aurkitzen ditugu. Bi isuriko teilatua, dorreak salbu. Gotorleku sendo baten itxura du.

Igo

Santa Isabel eliza (XVI)

Aia auzoan dago. Aurrez bazen beste eliza bat (1794an eraikia), baina 1825ean erre egin zen. Auzotarrek beste bat eraikitzea erabaki zuten. 1911tik 1913ra bitartean auzolanean egin zuten eta bakoitzak ehun ordu baino gehiago eta 200 pezeta eman zuten.

Igo

Larruntza Errota (XV)

XV mendean sortutakoa. Larruntza multzo hidraulikoa Ataungo San Gregorio auzoan kokatzen da, Agauntza eta Lauztierreka ibaien urak jasoz. Bi errotak, burdinola, zerrategia, zentral hidroelektrikoa eta elementu hauek mugitzeko beharrezkoa den azpiegiturak -bi presa, bi ubide, bi antapara, etab.,- osatzen dute 6 mendeetan zehar martxan egon den multzoa.

Epe luze honetan, ordea, ez dira denak batera lanean aritu, historian zehar bakoitzaren garapena eta erritmoak oso desberdinak baitira: errota, errota eta burdinola, errota eta errotatxoa, turbina eta zerrategia.

Burdinola baino zaharragoa da errota. Burdinola errotaren azpiegituraz baliatuz ezarri zuten. Errotaren lehenengo aipamena 1408koa da eta burdinolarena, berriz, 1489koa. Era berean, burdinolaren bizitza motzagoa izan zen eta 1697 aldera erabiltzeaz utzi zuten, nahiz eta errota eta errotatxoak martxan jarraitu. Errotatxoak bere erabilpenarekin jarraituko du XX. mendearen hasiera arte, momentu horretan ura turbinaren tutuarekin kanalizatu zen arte. Turbina 1929an eraikitakoa da. Hortik aurrera funtsaz aldatuko du eta, ehotze lanak gelditu ondoren, makinaria aroztegi eta zerrategirako egokituko dute.

Ataungo ondarea berreskuratu eta zaindu nahian, azkeneko urte hauetan udalak Larruntza errota eta bere inguruan ekimen ugari burutu ditu.

1998an eta 1999an auzolandegiak burutu ziren ingurua garbitu eta txukunduz. 2000an Errotatxoren zati bat berritua izan zen. 2001ean Aranzadi Zientzi Elkarteari ikerketa arkeologikoa egiteko agindu zitzaion eta, azkenik, 2002an Larruntza multzo guztiaren erosketa burutu zen, Udalaren esku geldituz bere jabetza.

Kontutan hartzen badugu Errota Nagusia aipatzen den lehen dokumentua 1408. urtekoa dela, pentsa genezake sei mende hauetan zenbat gauza gerta ote diren. Epe luze horretan, alabaina, ez dira egun aurkitzen diren ekoizpen-gune guztiak aldi batera funtzionamenduan egon, historian zehar bakoitzaren garapena eta erritmo askotarikoak izan direlako.


Bibliografia

  • Agirre, J., Alvarez, D., Lamikiz, X., Moraza, A. eta J. A. Mujika. 2006. Kulturbideak Aralarren. Harrien atzetik urratsez urrats: Giza Iraganaren Aztarnak Aralarko Parkean. Gipuzkoako Foru Aldundia, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentua. Donostia.
  • Aguirre, Iñigo et al. 1990. Bailarak : guía de ríos, valles y comarcas de Euskal Herria. Vol. 6. Sendoa-Linorsa-Kriseilu. Donostia
  • Aizpurua, Jon. 2005. Jentilen Etorrera: herri baten arima (1981-2005). VIII. Ataun Aztergai Beka. Ataungo Udala.
  • Aranburu, P.J. 2003. Ataungo ogibide historikoen edo artzaintza, nekazaritza, basogintza, errota, eraikuntza eta zerbitzuen kulturazko eragin nagusia bertako ETNOSAren historian, XIV-XX mendeetan. VII. Ataun Aztergai Beka. Ataungo Udala.
  • Ayerbe, Enrique. 1981. Mendiak II: Montes de Euskal Herria, Naturaleza y Huella humana. ETOR. Donostia.
  • Ayerbe, Enrique. 1990. Ibaiak eta haranak: Historia, arte eta paisajearen gidaliburua. ETOR. Donostia.
  • Barandiaran, J. M. 1972. Diccionario ilustrado de mitología vasca. In: Obras Completas, I. alea. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo.
  • Barandiaran, J. M. 1973. Eusko folklore. In: Obras Completas, II. Alea. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo.
  • Urdangarin, Nekane eta Munduate, Leire. 1996. Karobiak Ataunen. Eusko Jaurlaritza.