Ondare historikoaren atalera itzuli


Ataungo organo barrokoa

Ataungo organo barrokoa

4. Historia

Ctesibios greziarrak asmatu zuen gaurko organoaren arbasotzat jotzen den musika tresna, hydraulis izenekoa, ura erabiltzen baitzen lehen organo horretan aireari presioa egiteko (egun, hauspoen ohol gaineko pisuek betetzen dute funtzio hori).

K.a. III. mende inguruan gertatu zen hori, garai hartan zientzia eta kultura gune garrantzitsua zen Alexandria hirian. Hydraulis haren baitan, gaurko organoak dauzkan oinarrizko elementu guztiak antzeman zitezkeen. Hala nola:

  1. Ilara batean edo anitzetan jarritako hodiak.
  2. Haizea gordetzeko sekretua.
  3. Hauspoak.
  4. Haizea hodi batera ala bestera bidaliko duen tekla multzoa.

Ctesibiosen asmakizuna berehala hedatu zen greziarren artean eta erabilera anitzekin, gainera: aisialdia musika gozoz betetzeko ez ezik, egoera jakinetan hiritarrei hots egiteko, leku batetik bestera mezuak bidaltzeko,...

Greziatik Erromara iritsi zen organoa gero eta arrakasta handia izan zuen erromatarren artean ere, Neron enperadorea bera organojolea eta musika tresna honen miresle handia izan zelarik.

Mendebaldeko erromatarren inperioak gainbehera egitearekin bat (V. Mendean gertatzen da hori, herri barbaroen erasoak medio), organoa ere “desagertu” egiten da Mendebaldeko Europan; dena den, “bizirik” iraungo du Ekialdeko inperioan eta hortik zehar zabalduko da.

X. mende inguruan Mendebaldeko kristau erreinuetara “itzuliko” da berriro, oraingoan musulmanen eskutik (Cordobako kalifa zen Abd al-Rahman III.aren garaian, hain zuzen). Gainera, hasiera-hasieratik jasan behar izan zuen Elizaren bazterkeria gaindituz, organoaren historiak kokatzen deneko kultu lekuaren historiarekin bat egingo du ezinbestean.

Horregatik, gaur egun, organorik ederrenak eliza, katedral eta antzekoetan daude. Baina hori ez da beti horrela gertatu (arestian aipatu dugunez). Izan ere, XI. menderarte organoaren soinua eremu zibilean bakarrik entzun ohi zen, Elizak ez baitzituen musika tresnak onartzen, paganismoaren adierazpentzat zituelako nonbait. XI. mendeaz geroztik, berriz, erlijio eremuan ere elementu garrantzitsua izango da, goreneko musika tresna bezala ez ezik, eliza edo katedralaren osagai arkitektoniko eta artistiko-estetiko gisa ere bai. Modu honetan, bata zein bestea ezinbestez elkarturik geratzen dira eta askotan, organoaren kalitatea eta edertasuna elizaren garrantzia eta handitasuna neurtzeko erabiliko dira.

Egun, organoak adituen eta zaletu hutsen interesa bereganatu duela esan daiteke eta ez soilik eliza kontuei lotuta. Eremu hori gainditu eta zaindu beharreko artelan bezala ikusten da orain eta ikuspegi hori medio, batzuk berriztatu egin dira, horien historia ikertu da, beren erabilpena bultzatu kontzertuak antolatuz... Ataungo San Martin elizan dugun hau bezala.