• Ataungo organo barrokoa 7tik 1.goa
  • Hurrengoa

Ondare historikoaren atalera itzuli


Ataungo organo barrokoa

Ataungo organo barrokoa

1. Sarrera

San Martin elizako koruan dago kokatuta organoa. Barroko estilokoa da eta estilo horren barruan, iberiar motakoa. Gipuzkoa osoan horrelako zazpi organo daude eta horietatik Ataungoa garrantzitsuenetakoa da, garaiko soinu unerik gorenaren eredu aparta.

Hara zer dioen haize-kutxa barruan dagoen eskuz idatzitako inskripzioak: “este órgano trabajo Lorenzo de Arrazola el año 1761 Becino de la Villa de Oñate”. Beraz, organo egile ospetsu baten lana da eta, gainera, organo klasiko edo barroko iberikoaren garairik emankorrenean egindakoa 12000 errealen trukean.

Egurrezko osagaietan, intxaurrondoa, gaztainondoa eta haritza erabili zen; eta neurri txikiagoan, pinua. Beste osagai batzuetarako burdin forjatuaz eta eztainuaz (hodientzako) baliatu ziren.

1992. urtean, berriztatze lanetan aritzen den Jose Maria Arrizabalaga aditua etorri zen organoaren egoera aztertzera. Oro har, ondo mantendutako organoa zela baieztatu ahal izan zuen (egurrezko elementuen egoera ona azpimarratzekoa izanik) eta hori, zeukan berezko kalitateari zor ziola. Dena den, organoaren gainean denborak izandako eragina ere ezin ukatu eta ondorioz, berriztatzeko premia bazuela eta, musika tresna ikusgarri hau piezaz pieza desegin eta Kataluniara, aipatu adituaren tailerrera eraman zuten (kaxa hutsik eta organojolearen aulkia bakarrik utzi zituzten Ataungo San Martingo elizan).

Lanak amaituta, 1996ko azaroaren 11an, San Martin egunean hain justu, Ataungo San Martin elizan antolatutako kontzertuari esker (XVII. Bach musikaldiaren barnean antolatutakoari esker, alegia), bere soinua entzun ahal izan zuen berriro horrelako musika tresnen zale orok.