• Ataungo organo barrokoa 7tik 7.goa
  • Aurrekoa

Ondare historikoaren atalera itzuli


Ataungo organo barrokoa

Ataungo organo barrokoa

7. Toursko San Martin eliza

Ataungo lehenengo eliza da San Martingoa, 1200. urterako gaur egun kokatzen den toki berean jada bazegoena. Pentsatzen da lehen eliza hura X. mende ingurukoa zela. XV. mendean, lehengo eliza haren tokian, gaur egungoa hasi ziren eraikitzen.

Ondorengo urte zein mendeetan, berrikuntza, aldaketa eta eranskin ugari ezagutuko du, jakina, diruak eta bestelako inguruabarrek eraginda: aurrealdea egin zen lehenik; geroago, absidea lekuz aldatu zen (ekialdetik mendebaldera) edo justuago, berri bat egin zen (ondorioz, gaur egun bi abside dite); erretaulak ere bigarren aldaketa bat jasan zuen; beranduago, korua eraiki zen eta ondoren, organo dotore bat jarri zuten bertan (1761. urtean); azkenik, sarrera nagusia egin zuten (1833.ean, hain justu).

Eliza hau, jatorrizkoa bezala, Tourseko San Martinen ohorez eraiki zuten. Badirudi santu honenganako debozioa frantses erromesek, Santiago bidean Ataundik pasatzen zirenek, sartu zutela.

Ataunek badu, ondo irabazita, gaitera, mitologia eta kondaira leku aberatsa delakoaren ospea (mitologia ondare hori berreskuratu eta mantendu badu, Joxemiel Barandiaranen lantzarrari esker izan delarik hein handi batean) eta jatorrizko elizaren inguruan ere bada horrelako zerbait. Kristauek San Martin eliza tontor batean eraiki nahi omen zuten haseran, baina jentilek ezetz, mendi inguruak beraienak zirela. Horregatik, kristauek egun argiz eraikitakoa, jentilek gau ilunez desegin eta harriak gaur egungo eliza dagoen tokira eramaten zituzten. Eta horrela behin eta berriz. Azkenean, kristauak aspertu omen ziren eta behealdean, gaur egungo lekuan, eraiki zuten. Honela bukatu zen istorio hau: “Gau batean, Zaindegiko (eliza ondoko etxea) emakume bat leihotik begira jarri zen, harriak leku batetik bestera zeinek eramaten zituen jakiteko asmoz eta jentil bat ikusi zuen idiekin lan horretan. Jentila, ordea, konturatu zen emakume hori zelatan zuela eta bere leiho ondotik pasatzerakoan honela esan zion:

Aida zurie, aida gorrie zelatan dagoen andra horri ataiok ezkerreko begie!

Idiak adarrarekin begia atera zion emakume gajoari, bakarrarekin utziz”.