Elbarrena 71, San Martin auzoa.
Taberna. Eguneko menua, menu bereziak eta karta. Ospakizunetarako jantokiak.
Tel.: 943 18 00 33
Pueblos del Goierri. Tel.: 943 88 59 69
San Sebastián - Logroño. Tel.: 943 47 01 15
Pamplona - Eibar. Tel.: 902 10 12 10
Eskalada
Kirol hau praktikatzeko badira harkaitzik egokiak Ataunen, baina harkaizti hauetako fauna eta landaredia babestearren, eskalada gune batzuetara mugatzen da. Sastarriko paretetan adibidez, debekatua dago, eta baita Ataungo Domoan ere, Aitzarte Eskalada Eskolaren gunean izan ezik. Hau Aitzarte aldeko Ataungo Domoa bezala ezagutzen den eremuan kokatzen da. Jentilbaratzako paretaz gain, Aizkoate, Aizkorrandi, Intzartzu eta beste mailo batzuetan banatzen da (III-7b+). Eskalada egiteko garaia urte osora zabaltzen bada ere Aizkorrondoko gunean mugatuta dago, uztailetik azarora bitartean egin daitekeelarik, inguru honetan dagoen sai eta babestutako beste hegazti batzuen kabi eta ernalketa-garaiko leku delako. Guztira 250 bide daude irekita eta zailtasun mota guztietakoak daude. Ezagunenak Jentilbaratza, Aizkoate eta Aizkorrandi inguruak dira.
Hurrengo informazioa Gorka Obeso eta Txingu Arrietari esker lortutakoa da. ‘Gipuzkoako Eskalada Gida’ren egileak dira.
Hainbat lekutan eskalada-jarduera mugatuta dago.
Jentilbaratza-Aizkoate: Ez dago mugatua.
Espeleologia
Espeleologia zaleentzat aukera haundiak eskeintzen ditu herriak, hainbat eta hainbat koba eta leizezulo baitaude katalogatuta Ataunen. Bi motatako sistema karstikoak izan daitezke: aktiboak ala inaktiboak. Aktiboak, urak egun egiten dituen bideen parte direnak. Halakoak dira Marumendi, Malkorburu eta Alleku inguruko koba eta leize gehienak, talde honetan barneratzen direlarik adibidez Ubegiko leizea eta Malkorburukoa. Inaktiboak aldiz, garai batean karstifikazio prozesua emanda sortutakoak, eta egun higadurak ezkutatu zain dauden sistemak dira, estalagtita eta estalagmitaz josiak egon ohi direnak. Hauetakoak dira Ataungo domoko egitura gehienak.
Esan bezala, Ataun koba eta leizez josirik dago, horien artean ugari direlarik duela 5.000 urteko gizakiaren aztarnak dituztenak: Usategi, Limurita (harrobia ustiatzean jana), Pikandieta, Kobazar, Armontaitz, etabar.
Troskaetako koba da Ataungo koba ezagunenetakoa. Kilometro bateko luzeera du eta amaieran ur putzu eder bat. Badirudi duela 20.000 bat urteko Ursus spelaeus espezieko hartzen bizitoki edo hilobi izandakoa dela koba hau, hemen aurkitu baitziren bi hartzen hezurdurak, zeinak egun Donostiako Zorroaga Museoan dauden. Duen entzutea dela eta, koba hau seinaleztatua dago.
Sarastarriko koba beste aukera ezagun bat da. Sarastarri mendiko pagadian, gailurretik nahiko gertu eta Lareoko urtegiaren gain aldean dago. Elementu erakargarriena barruko putzu edo “osina” da. Hego Euskal Herriko kobazuloetan aurki ditzakegunen artean ederrenetakoa. Sarastarriko Anderearen kondaira mitologikoa bertan kokatzen da.
Espeleologia praktikatzea taldean egin beharreko aktibitatea dela kontuan izanda, ezagutza duen taldean, segurtasun neurri guztiekin eta material egokiarekin burutzea gomendatzen da.
Ehiza eta arrantza
Herrian tradizio handia duten jardunak dira ehiza eta arrantza, beti izan baita Ataun inguruan zer ehizatu eta arrantzatu. Inguruko herrietatik ere jende ugari inguratzen da Agauntza errekaren ertzetara.
Arrantza garaian amuarraina, aingira, loina eta zarboa dira arrantzatu daitezkeen espezieak, baina ezin da edonon arrantzatu, erreka-tarte batzuetan debekatua baitago. Bestalde, Lareoko urtegian astean behin arrantza-baimenak zozketatzen dira, kopuru bateraino arrantzatu daitekeelarik. Noizean behin arrantza-txapelketak ere antolatzen dira bertan.
Ehizari dagokionean berriz, Ataun eta Idiazabal arteko mendi-gainetan ehiza-postu ugari daude, non uso eta birigarroen ehiza egiten den. Eta ehiza-postuetatik kanpo, oilagorren ehiza ere baimendua dago.
Basurdeak dira beste protagonista ehizean, basozain baten begiradapean antolatzen direlarik ehizaldiak.
Ibilaldiak zaldiz
Inguruneak eskaintzen duen aukera probestuz, bada gure inguruan zaldian ibiltzeko aukera eskaintzen duen zerbitzurik ere. Lazkaomendin kokatzen den Alarpe zalditegiak, beste ekintza batzuen artean zaldiz egiteko goiz-pasak eskaintzen ditu.
Zalditegia Lazkao eta Ordizia Lazkaomenditik lotzen dituen errepidearen ondoan kokatzen da.
943 88 05 76 edo 608 67 68 73 (mobila)
Ataunen kirol instalakuntza aldetik, hiru auzoetan kokaturiko pilotaleku estaliak dira aipagarrienak:
Hauetaz gain, eskola aldamenean bada asfaltozko denetariko zelai bat, non opor garaian tenisean jostatzeko sareak jarrita egoten diren.